Sukarra umeetan

Zer egin umeek sukarra dutenean? Umeei sukarra oso erraz igotzen zaie, beren ‘termostato naturala’ ez dagoelako oraindik erabat erregulatuta. Eta, sintoma bat besterik ez den arren, sukarra bereziki zaindu behar da umeetan, arriskuak baztertzeko. Ez jantzi arropa gehiegi. Akats hori askotan egiten dute guraso eta aiton-amonek. Ez erabili mantarik, eta kontuz berogailuarekin. Gela ondo aireztatu. Gelako leihoa egunean bizpahiru aldiz ireki, umea ez hozteko neurriak hartuta, noski. Edaten eman umeari. Erraz deshidratatzen dira. Hori saihesteko eman likidoak (ura edo etxean egindako fruta-zukuak), 10 minututik behin. Ur epeletan bainatu. Bere gorputzaren tenperatura baino 2-3 °C gutxiago dituen uretan, eta pixkanaka sartu bainu-ontzian. Antitermikoak erabili. 38 °C-tik gora erabili aspirina, parazetamola edo ibuprofenoa, umeari egokitutako dosietan. Freskatu umea. Bekokian, garondoan eta eskumuturretan ur hotzetan bustitako zapiak edo konpresak jarri, eta berotzen direnean berritu. Medikuari abisatu. Zerrenda honetan azkena idatzi badugu ere, egin beharreko gauzarik garrantzitsuena da. www.Zientzia.net-eko artikulua

Hiperaktibitateari buruzko power point-a

IKERKETA

Zenbat aldiz jartzen da gaixorik zuen umea urtean?
0-1 %9
2-3 %70
4< %21

domingo, 20 de enero de 2008

Entzumenaren akatsak eskolan

Haur gor bezala entzuteko gaitasuna erabat edo hein batean behintzat galduta daukana hartzen dugu. Entzumen-akats hau sortzen duten arrazoiak bi talde nagusitan bana genitzake: hartuak eta sortzetikoak.
Haur gor bezala entzuteko gaitasuna erabat edo hein batean behintzat galduta daukana hartzen dugu.
Entzumen-akats hau sortzen duten arrazoiak bi talde nagusitan bana genitzake: hartuak eta sortzetikoak (edo jatorrizkoak).
ARRAZOI HARTUAKNolabait esateko “kanpoko” arrazoi hauen artean meningitisa, elgorria, paperak, erditzea bitartean jasandako traumatismoak, botika ototoxikoak, etab. aipatuko ditugu.
SORTZETIKO ARRAZOIAKNolabait esateko umea jaiotzez da gorra. Arrazoirik nagusiena, emakumezkoak haurdun zegoen bitartean jasandako errubeola da.Nahiz eta arazoa askoz ere konplexuagoa izan, funtsean bi gorreri mota bereizten ditugu: transmisioko gorreria eta pertzepzioko gorreria.
Transmisioko gorreria


Entzumen-arazoak dituen umeak hizketarako arazoak ere izango ditu.
Kasu honetan, belarri barruko hezurtxo-katea da huts egiten duena. Erdiko belarriaren funtzionamendu-huts horren erantzulea gaixotasun bat, trauma bat edo bestelako akatsen bat izan daiteke. Gorreri mota hau era mediko edo kirurgikoz trata daiteke, entzumena bere onera ekarriz.
Pertzepzioko gorreria
Honek barne-belarriari erasaten dio, eta kasu honetan arazoa latzagoa da; kirurgiaren bidez ez bait dago apenas ezer lortzerik. Gaur egungo teknika kirurgikoak ikerketa eta esperimentazio-mailan aurkitzen dira oraindik.
Gorreri mota honetan, kasu larri edo sakonak direnean, errehabilitaziora jo behar dugu, haurra bere bakardade eta inkomunikaziotik aterako duten protesien bidez lagundurik, baina entzule arrunt baten entzumen-mailarik haurrak ez duela sekula lortuko kontutan harturik.
Bestalde, kontutan eduki behar dugun beste gauza bat zera da: gorreriaren ondorio bezala mututasuna agertzen dela kasu askotan. Haurrak zaratak atera ditzake (builak, zotinak, negarrak, oihuak, etab.), ahots-aparatua egoera onean dagoelako, baina ez da hitzik esateko gauza, horretarako bereziki irakasten ez zaion artean.
Entzumenean gutxitua dagoen haurrak mintzaira bereganatzeko prozesuan atzerapen bat dauka; ezin bait du ez hitz egin eta ez araurik bereganatu. Ume normalak guzti hori imitazioz lortzen du besteei hitz egiten entzunez eta ikusiz, irakaspen sistematikoa hartu baino lehenagotik ere. Entzumen-gutxituarentzat, ordea, prozesu hau askoz ere zailagoa eta neketsuagoa da, eta baita askoz motelagoa ere; min-tzairaraino duen sarbidea ez bait da berezkoa edo naturala.
Horregatik ume gorrak mintzairaren jabetze, egituratze eta ahoskatzean atzerapena dakar eskolara sartzen denerako eta horregatik oso garaiz hasita entrenamendu intentsiboan jarri behar dugu, kanpoko estimuluak etengabeak, aberatsak (baina ongi neurtuak) diren bitartean.
Dena den, askotan, umea eskolara sartu aurretik ez da gorreria diagnostikatzen. Bestalde, gerta daiteke, umeak es-kola-garaian entzumen-galera jasatea. Kasu hauetan irakasleari dagokio belarriko arazoei zor zaizkien problema horiek diagnostikatzea edo behintzat susmatzea.
Normalean ume horiek ongi entzungo diote irakasleari, 1-2 metroko distantzia baino urrunago ez badaude. Baina, irakaslea urruntzen bada, edota buelta ematen badu, seguraski umeak ez dio entzungo. Klaseko beste muturretik hitz egiten bazaio, umeak atzerapenaz erantzun dezake “eh?” esanez, edota “ez dakit” erantzunez.
Umea gela barruan elkarrizketa jarraian parte hartzeko moduko leku batean ez badago, arreta galduko du, distraitu itxura du, edo bestela oso jarrera behartuan eseriko da hitz egiten ari den pertsonaren aurpegia ikusteko.
Medikuaren azterketa
Beharrezkoa da umearekin elkarrizketa bat edukitzea, aldi berean behaketa bat burutzen den bitartean.
Askotan, gurasoek edo maisu-maistrek ematen dituzten datuak ere oso interesgarriak izan daitezke.
Zein prozedura erabil ditzake medikuak azterketa honetan?
Ahots baxuan hitz egitea
Umeari bizkar emanez hitz egitea (buelta emanik)
Distantzia handi samarrera hitz egitea
Erloju baten tik-tak soinua, belarri batean eta bestean, txandaka entzun eraztea (baina beti distantzia berera)
Bi belarriak, bakoitza bere aldetik aztertu behar dira.
Azterketa honetan, diapasoia ere erabil daiteke. Bi gorreri motak ezberdintzeko diapasoia (bibratzen jarri ondoren), umeari belarrira hurbiltzen zaio.
Hezur bidezko transmisioa. Belarri ondoan jartzen da.
Aire bidezko transmisioa. Buru gainean jartzen da.
Irakaslearentzako gomendio praktikoak
Entzumen-akatsak dituen ume bat gelara sartu aurretik, ikaskideen artean giro ona sortu behar da.
Irakasle batek, bere gelan, entzumen txarreko bat daukanean, ikaslearen integrazioa ahalik eta onena izan dadin zenbait aholku emango ditugu.
Entzumen-akatsak dituen ikaslea zuen gelan sartu aurretik (edo arazoa geroago agertzen bada, jakin ondoren) egoki da bere ikaskide izango direnen artean giro ona sortzea. Horretarako, lehenbizi zera azaldu behar da; haur gorra gainerako haurrak bezalakoa dela. Argitu egin behar zaie beste umeei entzuteko tresna baten premia duela, beste batzuk ikusteko betaurrekoak behar dituzten bezalaxe.Beren jarrerak gelako zeregin eta jolasetan gainerako haurrenganakoa bezalakoa izan behar duela oharterazi behar zaie, ume gutxituak parte har dezan, eta beste guztien artean edonor bezalakoa izan dadin.
Entzumen-gutxitua egoera onean jarri behar duzu zeure gelan, ahalik eta informaziorik gehien jaso ahal dezan; bai irakaslearen aldetik eta baita beste ikaskideengandik ere.
Haur gorrari astiro hitz egin behar zaio; aurrez aurre eta ahoskatze-keinu exageratuak egin gabe, ezpainetan irakur ahal dezan eta esaten zaiona uler dezan. Esaldi laburrak erabili, baina ongi egituratuak.
Galderarik egiten badiozu, ongi ulertu duela ziur egon behar duzu, berriro esanez edo galdera zertxobait aldatuz. Kontutan eduki pertzepzio-gorrerian ahotsa ozenagotzeak ez diola laguntza berezirik emango; oinarrizko arazoa ez bait da soinuaren intentsitatea. Hitz egiozu gelako gainerako haurrengana zuzentzen zaren ahots-ozentasun berberaz.
Idatzizko ohar eta argibideez balia zaitez ahal duzunean.
Saia zaitez zure gelan integraturik dagoen haur gutxituaren hiztegia ugaltzen eta zuzpertzen. Hizkuntz arloan zailtasun bereziak izango dituzte haur horiek. Komunikazioak elkar-komunikazioa izan behar du (irakaslearengandik ikaslearengana, eta ikaslearengandik irakaslearengana).
Gorrari beste haurrei adina egokiera eman hitz egiteko.
Haur horien protesia egoera onean dagoela ziurtatu.
Gogoan hartu, ume normalekin gertatzen den antzera (eta kasu hauetan are gehiago oraindik), ume gorrak katarro edo hotzaldi bat pasatu ondoren okerrago entzuten duela. Umea espezialistarengana bidali.

Haurraren ikusmen-osasuna. Eskola porrot asko (%15 - %30) ikusmen-arazoengatik gertatzen dira

Faktore bat baino gehiagok dute eragina behar bezalako eskola-emaitzan. Horietako funtsezko bat ikusmena da, bera baita informazio gehien (%90, hor nonbait) jasotzeko darabilgun zentzumena. Madrilgo Ikusmen Zientzietako Institutuaren (INCIVI) Fundazioak aresti eginiko azterketa baten arabera, eskola porrot asko (%15 - % 30 artean) ikusmen alorreko arazoengatik gertatzen dira. Kaligrafia txarra, ortografi akatsak eta irakurtzeko zailtasunak, besteak beste, fokatze edo pertzepzioarekin zerikusia izaten dute. Esan gabe doa arazo horiek, sendagilearen laguntzarik gabe nekez detekta daitezkeela. Asko-askotan haurra kexatzen ez bada ere, jarrera eta jokaera zenbaitek arazoa ote dagoen, susmoa piztu diezagukete.
Zerbait ongi ez doan seinale...
Zoaz aldizka-aldizka okulistagana, haurrak hiru urte betetakoan, lehenago arazorik atzeman ez bazaio edo familiakoek ikusmen-arazoen aurrekinik agertu badute.
Gogoan izan betaurrekoen premia duen baina erabiltzen ez dituen umeak, azkenean, munduarekiko ikuspen bihurritua daukala. Arazoak zenbat eta lehenago zuzendu, hainbat eta hobe.
Umeak, aurreneko urteetan, ez ohi digu ikusmen-arazoen berririk ohartarazten. Horrelakoak atzematen laguntzen duen sintoma nagusietako bat, maiz burukominak jasatea da.
Begira ezazu umea telebistara gehiegi hurbiltzen den, begiak nekatuta izateaz kexatzen den, urrutiko zerbait begiratzeko begiak estutzen dituen, korrika egiteko zailtasunak dituen, behaztopa maiz egiten duen, malko ugari darizkion, begietako hazkura nozitzen duen...
Hona beste hainbat sintoma: keinuka maiz egitea, begiak gorri-gorri agertzea, tortikolisa, maiz begitxindorrak agertzea, burua alde batera okertzea edo begia eta eskuaren arteko komunikazioa okerra izatea.
Eskola-umeen artean zerbait ongi ez doan seinale ohikoenak hauek dira: arreta gutxi edo bat ere ez ipintzea, urrutitik irakurtzeko zailtasuna, irakurtzeko eta ikasteko interesa galtzea, mantso irakurtzea, lerroa saltatu edo birritan irakurtzea, hitzak oker ahoskatzea, irakurritakoa gogoan hartzeko gaitasunik eza, idatzi edo irakurtzean aurpegia asko gerturatzea, maiz nekaturik, urduri, haserre agertzea edo bestelako joera okerrak.
Haurra oraino txikia badaukazu, hona haren ikusmena ongi ez dagoela jakinarazten digun sintoma: bere begiek dar-dar egiten dute, motiborik gabe apartatzen dira edo ez diote gurasoen ahotsari edo aurpegiari segitzen.
Kontsulta ezazu espezialistarekin, haurrak hiru urte betetakoan, begiak paralelo ez baditu, begi-erdialdean isla anormalik atzeman baduzu edo begiaren gardentasunaz zalantzarik badaukazu edo, urtea betetakoan, nini bat bestea baino handiagoa badu, edo begiko zuria urdinxka agertzen badu.
Telebista eta ordenagailua, behar bezain urruti
Etxeko txikiek bideojokoak eta ordenagailuak erabiltzeari dagokiela, ez da frogatu oraino aparatu horiek ikusmenean alteraziorik eragiten dutenik, horrelakoak baliatzean gertatzen den ikuspen-kontzentrazio hori dela medio, begietan nekea ager daitekeen arren.
Halaz ere, telebista ikusteko eta ordenagailuan lanean aritzean -horien pantailak argitasun handi eta kontraste motelekoak direnez- begiek estresik nozi ez dezaten, hobe da giroko argitasuna apaltzea, pantailan islatzen diren lanpara eta leihoetako distirak suntsituz.
Telebistako pantaila eta begiaren arteko distantzia egokia bizpahiru metrokoa da.
Ordenagailuan lanean aritzeko distantzia egokiena 45 - 55 cm da; pantaila, horizontaletik 10º - 20º-ko angeluan ipini behar da. Maiz atseden hartu behar izaten da, begiak nekerik jasan ez dezan.

Ikasgelako hormen azalerek mate izan behar dute, kolore argikoak.
Ikasteko argirik hoberena, egun argia. Artifiziala baliatzen denean, erabiltzailea eskuina bada, ezkerretan ipiniko da eta haren eskuinean, ezkerra bada.
Idatzi, irakurri edo eskulanak egitean, begia eta objektuaren arteko distantzia egokia 30 - 40 cm. da.
Betaurrekoak bai, traumarik ez
Haurraren betaurrekoek eroso eta erresistenteak izan behar dute.
Hamaika betaurreko-modelo bilatuko dituzu merkatuan. Aukerak ugariak direnez, hoberena duzu haurrari hautatzen uztea: berak hartuko du bere aurpegiarekin hobekien konbinatzen duena eta, hitz batez, gustukoena daukana. Betaurrekoak berak erabiliko dituenez, errespeta itzazu bere iritzi eta hautua.
Segurtasun fisikoa dela-eta, egokiena kristal organikoak ipintzea da, beirak hautsi egiten direla kontuan izaki.
Adin batetara iritsita (9 - 11 urtera) haur askok, irudia hobetu nahian, ukipen-lenteak nahiago izaten dituzte. Egokiena, berriz ere, horrelako lenteek agintzen dituzten erabilera eta garbiketa zuzenaz arduratzeko gauza direnean baliatzea, ez lehenago.
Trastornorik ohikoenak
Espezialisten arabera, eskolan dabiltzan haurren %20 baino gehiagok nozitzen dituzte begietako arazoak, hala nola miopia, hipermetropia, estrabismoa eta beste hainbat.
Miopia. Gaitz hau nozitzen duten haurrek urruti dauden gauzak ez dituzte ongi ikusten. Miopeen sintomak trastorno batzuekin (dislexiarekin, adibidez) nahas daitezke: haur askok, ongi ikusten ez dutenez, arbeletik testuak kopiatzean zenbait letra elkarrekin nahas baititzakete, hala nola p eta q, d eta b, etc.
Hipermetropia. Miopiaren kontrakoa, hain zuzen. Hipermetropeek gertuko gauzak lauso ikusten dituzte.
Astigmatismoa. Gaitz hau nozitzen duten pertsonen kornea kurboagoa da norabidea batean bestean bainoago. Astigmatismoak, oro har, ikuspen lauso eta desfokatua sortarazten du. Normalean herentziaz hartzen da.
Ambliopia edo begi nagia. Ehun haurretik lauk nozitzen dute eta lenteen bitartez ezin zuzen daiteke. Haurraren begi batek edo biek jasan duten ikusmen-galera partziala da. Detektatzen denean zuzen daiteke, beti ere zazpi urteak bete aurretik. Ordurako ez egitekotan, begiak ikusmen ia osoa jasan dezake, behar bezala garatuko ez delako; orduan, pixkanaka-pixkanaka lanean aritzeari utziko dio, pizgarririk ez du hartuko eta, azkenean, ikusteko gaitasunik galduko du. Begi patologia hori haurretan agertzen denez, funtsezkoa da garaiz detektatzea, behar bezalako tratamendua aplika dakion.
Estrabismoa. Begien paralelismoaren galera. Begi bakoitza norabide batera begiratzen du.

Jose Maria Rivera: "zitologia diagnostikoa minbizi-kasu asko antzemateko errutinazko teknika da"

Galiziako Costa da Morte-ko herri txiki batean jaiotako ikertzaile honek hainbat alorretan jardun du lanean, baina beti bere grina den zitologiaren inguruan. Espainiako Zitologia Elkarteko lehendakaria izan da hamar urtean eta 1971tik EHUko Anatomia Patologikoko katedraduna izateaz gain, 20 urtean sail horretako arduraduna izan da Barakaldoko Gurutzetako Ospitalean.
Maiatzaren 31n, Amsterdamen izan den Nazioarteko XIV. Zitologia Biltzarrean Maurice Goldblatt nazioarteko sari garrantzitsua jaso du. Saria jasotzera joan aurretik izan ginen berarekin eta Gurutzetako bulegoan egin zigun harrera beroa aprobetxatuz, hizketaldi luzea eta interesgarria izan genuen.
Hasteko, zorionak Maurice Goldblatt Zitologia Sariarengatik! Lan zehatz batengatik ala ibilbide osoaren ordain gisa eman dizute?
Nire ustez, urte hauetan guztietan zehar egindako lanengatik saritu naute. Amsterdamgo biltzarrean azken hiru urtetako sariak emango dituzte (1999, 2000 eta 2001) eta niri dagokidana azkena da. Bitxia izan da, gure iritzia eman dezagun urtero saria jasotzeko proposatutako izenak bazkideei jakinarazten dizkigutelako, baina aurten ez dut izendatuen zerrenda jaso. Nonbait, ezustekoa eman nahi zidaten eta orain bertan eman beharreko hitzaldia prestatu behar dut.
Beraz, saria emateaz gain, lana ere eragin dizute. Dena dela, ez dut uste lan-eskasian izango zarenik. Zertan diharduzu orain?
Nik beti zitologiaren alorrean egin dut lan; ez ikerketako oinarrizko zitologian, baizik eta zitologia klinikoan, batez ere diagnostikoa dena, hau da, diagnosiak egiteko erabiltzen dugun zitologian.
Izan ere, zitologia diagnostikatzeko oso era erraza da eta gaixoari kalte gutxien eragiten diona, ez delako ebakuntzarik egin behar. Biopsietan ebaketa egin behar da, baina zitologiarekin aztertu nahi den ehunean xiringa sartu eta lagina ateratzea nahikoa da. Zelula horiek aztertuz, diagnostiko zuzena jakin dezakegu.
Minbizi-kasu asko diagnostikatzeko errutinazko teknika da. Esate baterako, Euskal Herrian beste minbizi-mota batzuk arruntagoak diren arren, umetoki-lepoko minbiziak eraginda, hildako asko izaten ziren urtean. Orain, aldiz, Papanicolau testa ohikoa da eta oso diagnostiko goiztiarrak egin ahal ditugunez, hilkortasun-tasa izugarri jaitsi da.
Diagnostiko goiztiarrei esker, askoz pronostiko hobeak lortzen dira.
Adibide horrek, beraz, argi uzten du zitologia diagnostikoaren garrantzia, kasu honetan, minbiziaren diagnostiko goiztiarrean. Baina beste arlo askotan ere egin duzu lan, ezta?
Bai, bai... Garai batean trikinak aldatutako muskulu-zuntza aztertu nuen eta, 1967-68 inguruan, horri buruzko lan bat argitaratu genuen. Mikroskopia elektronikoaren bidez egindako lehenengotakoa izan zen lan hura eta sarritan aipatua izan da.
Gero, patologia neuromuskular esperimentalean jardun nuen. Hain zuzen ere, tesia nerbio-plaka eragilearen birsorkuntzari buruz egin nuen. Azetilkolinesterasaren azalpen histologikoa egin nuen, hau da, plaka eragilearen neurotransmisorearena. Oso lan astuna zen, baina Santiagoko Unibertsitatean aparteko saria lortu nuen.
Eta orain ere Bizkaiko Itsasoaren ertzean bizi zara.
Bai, hala da, baina tartean handik hona ibili nintzen. Santiagotik Sevillara joan nintzen eta handik, March Fundazioko beka batekin, Alemaniara, nerbio-sistema zentraleko eremu jakin bati buruzko azterketa egitera. Gainera, garai hartan ospe handia zuen aldizkari zientifiko batean argitaratu zuten. Santiagora itzuli eta gero, hona etorri nintzen eta, esan bezala, minbizia diagnostikatzeko zitologian aritu naiz batez ere. Aurretik, ordea, Sanchez Fernandez sendagilearekin batera, belarriaren barne-egiturari buruzko lanak argitaratu nituen.
Zein minbizi-motari eskaini diozu arreta gehien?
Bularreko patologia da gehien interesatzen zaidana. Izan ere, bularreko minbizia benetan arazo larria da. Urtetik urtera kasu-kopurua gora doa eta kontuan izan behar da ez dela minbizi-mota bakarra, baizik eta bularreko minbizi-motak bat baino gehiago direla, eta bakoitzak bere tratamendua eta pronostikoa duela.
Minbizia 60 urtetik gorakoen gaixotasuna da normalean.
Hainbeste urteren buruan, minbiziarekiko emakumezkoen jarreran eta prebentzioan aldaketa asko ikusi al dituzu?
Jakina! Gaur egun, gobernuak bularreko minbiziaren larritasunaz jabetu dira eta urteak dira Eusko Jaurlaritzak prebentzio-kanpaina martxan duela. Dena dela, egunero zerbait berria ikasten dugun arren, bestelako eragozpenak eta erronkak azaltzen zaizkigu. Bularreko minbiziaren eragile zuzenik ez da ezagutzen eta horrek dena zailtzen du. Genetikarekin erlazioa duela badakigu, baita horren eragina handia dela ere. Alabaina, ezin dugu gene horrengatik edo harengatik denik esan. Aldaketa genetikoen eragileak askotarikoak direnez, minbizi-motak aldaketa genetiko garrantzitsuen bateratzearen ondorioa direla esan dezakegu.
Bestalde, herrialde garatuetan minbizi-kasuak ugariagoak direla argi dago eta ez hobeto diagnostikatzen direlako edo bizi-itxaropen handiagoa dutelako soilik. Gainera, bizi-itxaropena luzatzeak, bularrekoaz aparte, minbizi-mota guztiei eragiten dio. Izatez, haurren minbizia izan ezik, 60 urtetik gorakoen gaixotasuna da oro har. Baina, dirudienez, minbizi-zelulek sortzen dituzten aldaketa genetikoek bat egiteko aukera gehiago dago herrialde garatuetan.
Minbizi-zelula sortzen duten eragile genetikoak ezagutzea zaila denez, minbizia sortu orduko igarri ahal izateko, agian zelula mutatzen den unea antzematea izango litzateke onena. Hori posible al da?
Ez; gaur egun, minbizi-zelula antzemateko arma diagnostiko bakarra azterketa zitologikoa da. Ekografia eta erradiologia bezalako irudi-teknika berriekin gero eta nodulu txikiagoak ikus daitezke, baina onbera ala gaiztoa den jakiteko zitologia erabiltzen da. Behar bada, etorkizunean, zelula gaiztoek ekoitzitako adierazleren bat odolean antzemateko gai izango gara. Baina, alde batetik, adierazlea soilik zelula horiek ekoitzitakoa izan beharko luke eta, gainera, tumorea dagoen tokiaren berri ez liguke emango. Dena dela, teknika biokimikoak gero eta zehatzagoak dira, baina arazoa konplexua da.
Bularreko minbizian oso neurri txikiko tumoreak antzematea lortzen ari gara eta neurria eta pronostikoa zuzenean lotuta daude. Diagnosi goiztiarra egiten da eta zein tumore-mota den ere gero eta azkarrago jakiten da. Horretaz gain, kirurgia ez da garai batean bezain erradikala eta hedapena detektatzeko gongoilak aztertzen dira, beraz, azkarrago ikus daiteke zabaltzen ari den ala ez.
Orain dela gutxi, gongoil zaintzailean oinarritutako diagnosi-metodoa erabiltzen hasi direla entzun dugu. Zertan datza?
Linfa-basoak gorputzeko atal zehatzak drainatzen dituzte eta bularreko basoak galtzarbeko gongoilean biltzen dira. Tumorean koloratzailea edo isotopo erradioaktiboa den adierazgailu bat injektatzen bada, zein gongoiletan azaltzen den ikus daiteke. Beraz, gongoil hori aztertuz, bularreko egoeraren berri jakin dezakegu. Erraza badirudi ere, ez da ohiko teknika, gongoil hori aztertzeak lan handia ematen duelako. Bestalde, bularreko minbizian baliagarria bada ere, beste minbizi-mota batzuetan gongoil zaintzaileak ez dira hain eskuragarriak, adibidez, koloneko minbizian.
Zitologia minbizi-zelula antzemateko teknika garrantzitsua da.
Diagnosi-metodoak asko hobetu direla aipatu dugu eta, horrekin lotuta, pronostiko hobea izaten da kasu gehienetan. Sendabideak ere, gero eta hobeak izango dira, noski.
Zalantzarik gabe. Erradioterapia eta kimioterapia garai batean baino leunagoak eta zehatzagoak dira. Horrela, eraginkortasun handiagoa lortzeaz gain, gaixoak tratamenduak errazago jasaten ditu.
Horretaz aparte, hainbat kasutan, besteak beste bularreko eta prostatako minbizi-mota batzuetan, hormonoterapia erabil daiteke. Esate baterako, bularreko ehunari estrogenoak eragiten diete eta estrogenoen aurkako substantziak erabiliz tumore-mota batzuen hazkundea gelditzen da.
Beste minbizi-kasu batzuetan, aldiz, hezur-muinaren transplantea egin behar izaten da... Ez da erraza, kasu asko daude eta bakoitzak tratamendu berezia behar du.
Bukatzeko, minbiziaren aurkako borrokan aurrerapen asko iragartzen dira. Etorkizunari begira, zertan ari zarete?
Azterketa zitologikotik tumoreen azterketa molekularrera pasatu gara. Orain, Nafarroako Unibertsitateko Genetika departamentuarekin batera, maila molekularrean eta genetikoan ari gara ikertzen. Gaur egungo ikerketa-lerroak hortik doaz eta diagnosi-metodo hobeen bila aurrera egitea espero dugu.

Haurren minbizi kasuen %75 inguru sendatzen dira

Heriotzarekin ez dela lotu behar esan du Aurora Navajas Gurutzetako Ospitaleko Onkologia Pediatrikoko arduradunak
asier iturriagaetxebarria- BILBO
«Haurren minbizia sendatzen da». Aurora Navajas Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetako Ospitaleko Onkologia Pediatrikoaren arduradunaren hitzak dira. Hori erakusteko, hainbat datu eman zituen atzo, Bilbon minbizia duten haurren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarteekin batera eskainitako agerraldian. Esaterako, batez beste minbizia duten haurren %75 sendatzen dira. «Eta zenbait minbizi motatan, %100eko sendatze maila ere badaukagu», gaineratu zuen.
Gizartean zabalduta dagoen uste bat amaitzeko ahalegina egin behar dela azpimarratu zuen Navajasek. «Haurren minbizia ez dugu lotu behar heriotzarekin. Haurrek izango duten gaitz kronikotzat hartu behar da minbizia». Zehaztu zuenez, ume batzuekin 5-10 urte ere pasatzen dira gaitzik ez dutela esaten dieten arte. Esan zuen denbora horretan guztian umeak ahalik eta bizitza normalena egitea izan behar dela borroka nagusia. «Gizartean barneratu behar dira, inolako arazorik barik. Hezkuntzan, lan munduan...».Minbizi mota bakoitzak bere tratamendua duela esan zuen Navajasek. Ikerketari esker, ume batek minbizia duela jakin eta 24-48 ordura sendagileak badaki behin minbizia kenduta berriro izateko arriskua zenbatekoa den. Arriskua txikia bada, tratamendu arina ematen zaio, baina arriskua handia bada, orduan umeak denbora gehiago egon behar du ospitalean, eta hortik sor daitezke gerora neska-mutikoak gizarteratzeko arazoak.
Horren arabera, Gurutzetako Ospitaleko Onkologia Pediatrikoko Unitatean batez beste 30 ume izaten dituzte egunez. «Gauetan etxera joaten dira. Umeek eta gurasoek ahalik eta bizimodu normalena egitea lortu nahi dugu». Era berean, 12 ume epe luzerako izaten dituzte Gurutzetako Ospitalean, gau eta egun. Navajasek zehaztu zuenez, urtean 55 haurren minbizi kasu inguru agertzen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Erreferentzia unitate eske
Gurutzetako Ospitalea erreferentzia unitatea da haurren minbizien kasuan. Hain zuzen, erreferentzia unitateak falta direla salatu zuten minbizia duten haurren gurasoen elkarteek (Aspanovas, Aspanafoha eta Umeekin federazioak), guztiak ez baitituzte erreferentzia unitate espezializatuetan tratatzen. Horiek zaintzeaz, oinarrizko arreta zerbitzuak arduratzen dira.
Era berean, autonomia erkidego guztiekin koordinatuta haurren tumoreen Espainiako erregistroa sortzeko eskatu zuten gurasoen elkarteek. Navajas doktoreak esan zien erregistroa berez 1980. urtetik badagoela Valentzian (Herrialde Katalanak), eta horri esker ikerketan, tratamenduan eta haurren zein gurasoen bizitza kalitatean hobetu ahal izan dela.
Hego Euskal Herriko elkarteak
Hona hemen minbizia duten haurren gurasoen elkarteak Hego Euskal Herrian:
Aspanafoha (Araba): Telefonoa: 945 24 03 52
Posta elektronikoa: aspanafoha@:jet.es
Webgunea: http://www.cancerinfantil.org/aspanafoha/home.htm
Aspanovas (Bizkaia): Telefonoa: 94 479 09 63
Posta elektronikoa: aspanovas@:aspanovasbizkaia.org
Webgunea: www.aspanovasbizkaia.org
Aspanovas (Gipuzkoa): Telefonoa: 943 24 56 20
Posta elektronikoa: aspanovas@:inicia.es
Webgunea: www.aspanovasgipuzkoa.org
Adano (Nafarroa): Telefonoa: 948 17 21 78
Posta elektronikoa: adano@:correo.cop.es